XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Andoniren garrasiek zulatzen zidaten orain garuna, Mexikarraren belarrondokoak baino mingarriago.

Pausoa emon nuen aurrerantz, eta arratoiaren burua suntsitu egin zen.

Zuloraino hurbildu nintzen, begietara egin gura nion tu.

Arnasa gorde nuen.

Lurrari kenduriko posteak lagatzen duen putzuan uhertu den euria emoten zuen, arratoia infernuetara bidalia nuen.

Orduan ulertu nuen, leihoaren ondoan nengoela, Andoniren oihuak mezu bat izan zitezkeela jaiotza agirien bila epaitegira hurbiltzen ziren herritar bakezaleek ikas zezaten; tortura entzundako guztiak ez dira ikaratuen multzoan ezkutatzen.

Malkoak xukatu nituen eskugainaz.

Kanpotik zetorren argitasun difuminatuak paretaren zauriak erakutsi zizkidan.

Igitaiak mailuak lauburuak gorak.

Egona zen han zu baino geroagokorik, ni baino aurreragokorik.

Erronka egin gura nion ilunpeetako sadikoari, eta haren bila makurtu behar nuenean, paretako zati oraindino gris baten, untzez edo azazkalagaz egina, izen bat irakurri nuen.

Etxea familia beharra adiskideak utzi nituen Foggia Erromatik baino karrikatik urrunago zegoen nire herri txikerrrean.

Ezizenez baino ezagutzen ez nituen lagun barrien artera etorri nintzen, idealak borrokan sakontzera.

Ikara eta euforia egun haietan neure buruaz lotsarazten ninduten gizon eta emakume asko ezagutu nituen, gazte eskuzabalak bihotz emonak espiritu askeak.

Baina bat ezagutu nuen zure antza hartuko zuena, bizian baino areago heriotzan.